Iñaki Ruiz, Ekonomisten Euskal Elkargoko Presidente Berria

Publicado el por Naia Díez (autor)

 (photo: )

Iñigo Ocarizek bere ibilbidearen balantzea positiboa egin du, baina aldatzeko unea dela uste du, “Elkargoari bultzada emango dioten ideia berriei bidea emateko, markatutako helburuak lortze aldera”
 
Iñaki Ruizek unibertsitate garaitik dauka lotura Elkargoarekin, eta azken urteetan Presidenteordea izan da

Ekonomisten Euskal Elkargoak aldaketa egin du eta 14 urteko agintearen ondoren, Iñigo Ocarizek postua utziko dio Iñaki Ruizi, egungo presidenteordeari.

Ocarizek “oso esperientzia positiboa” izan dela adieraziz esan du agur. “Urte hauetan Elkargoak bere lekua hartu du, beste ekonomisten elkargo batzuen artean eta baita beste sektore batzuen artean ere nabarmenduz”, azaldu du.

Bidea ez da erraza izan, 14 urteko presidentziak askorako eman du, krisi ekonomiko bat barne; "krisia beste erronka bat izan da askoren artean, baina zortea izan dugu elkargo egituratu eta antolatu bat izateaz; horri esker, krisia nabaritu arren, ez digu bereziki eragin eta zenbaki berak mantentzea lortu dugu".

Ibilbide osoa kontuan izanda, agintari nagusiak nabarmendu du Elkargoak azkenaldian izandako bilakaera, “Elkargoa birpentsatu dugu, ekonomista 2.0 azpimarratzen duen estrategia berri bat garatuz”, adierazi du.

Ahalegin handia eta lan erritmo bizia eskatzen duen lana da, baina emaitza pozgarriak jasotzen dira. “Argi daukat gure Elkargoaren etorkizuna; osasun ona dauka eta gauza asko espero daitezke, eta ziur nago Iñaki Ruizen moduko profesional bat gai izango dela ildo horretan ideia eta planteamendu berriak emateko. Bultzada emateko garaia da eta berak ahalegina eta lana jarriko ditu bere aldetik, markatutako helburuak lortzeko”, esan du, amaitzeko.

Iñaki Ruiz Portugaletekoa da, 44 urte ditu, EHUn Enpresa Administrazioan lizentziatu zen eta Zuzendaritza Komertzial eta Marketin arloko masterra egin zen ESICen bidez. Bere ibilbide profesionala beti egon da marketinarekin lotuta, eta zehatzago finantza arloko marketinarekin. BBVAn Publizitate burua izan da 7 urtez; gero IparKutxan lan egin du Banaketa Bide, Marketin eta Plangintza komertzialeko arduradun gisa, eta gaur egun LABORAL Kutxan egiten du lan Publizitate Zuzendari gisa, Komunikazio arloaren barruan.

Ikaslea zenetik lotura handia eduki du Ekonomisten Euskal Elkargoarekin. Lizentziatu ostean Gobernu Batzordean sartu zen eta aktiboki parte hartu du Elkargoaren bilakaeran, gaur egungo egoerara arte. Orain arte presidenteorde kargua eduki du; “urtez urte ikusi dut nola joan den Elkargoa garatzen eta modernizatzen. Azken urteetan ardura handiagoko kargua hartu du eta gaur egun burutzen ari garen plan estrategikoan lidergoa garatzeko aukerak izan ditu, baita indarrean ditugun beste ekimen batzuetan parte hartzeko ere". Horregatik, urrats hau "prozesu naturaltzat" hartu du.

Badaki erronka handia dela; izan ere, elkargokide guztien ordezkari izatea "erantzukizun handia da, eta espero dut Gobernu batzordeak nigan jarritako konfiantzaren mailan egotea; eta noski, euren laguntzarekin lortuko dut, izan ere, Elkargoa pertsona askok osatutako taldea da, Elkargoan bertan lan egiten dutenak eta modu aktiboan parte hartu nahi duten elkargokide guztiak", esan du. Era beran, adierazi du "Iñigok muga oso altu jarri du baina bidea ere erraztu du, oinarri solido batzuk finkatu baititu orain lantzen ari garen guztia bideratzeko”.


ETORKIZUNA, ILUSIOZ

Iñaki Ruiz baikorra da ekonomisten etorkizunari dagokionez, “gertuko etorkizuna definitzeko hitzik egokiena ilusioa da”, azaldu du. “Gure lanbideak gorabeherak izan ditu, baina azken krisi urte hauetan ikusi dugu ekonomiaren garrantzia zein den eta oraintxe bertan daukagun pisua. Gauzak ondo joan direnean denak erraza ematen zuen, edonork hartu zitzakeela erabakiak ekonomia arloan, baina gaur egun, bai komunikabideek bai gizarteak orokorrean, argiago daukate ekonomistok daukagun garrantzia”, esan digu.  

Zentzu horretan, “ikusi dugu azken bi urteetan komunikabideek gehiago eskatu dituztela ekonomista adituen zerbitzuak”. Baina ez dut makro egituraren inguruan lan egiten dutenetan soilik zentratu nahi; izan ere, gure lanbidean arlo asko daude, hala nola marketina, ikuskaritza, fiskalitatea eta abar. Arlo horietan profesional askok lan egiten dugu eta gure ezagutzen bidez balio erantsi bat ematen diogu euskal enpresa sareari eta ondorioz, gizarte osoari”, amaitu du esaten.