Hiri Ekonomia indartzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du Tolosako Udalak

Publicado el por Jon Mutuberria (autor)

 (photo: )

Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari elkarteak Hiri Ekonomia indartzeko Plan bat garatzea adostu zuten 2015 urtean eta plana prentsaurrean aurkeztu dute Oriaburu eraikinean Tolosako alkatea den Olatz Peon Ormazabalek, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzi Nerea Letamendiak eta Plana gauzatu duen Ikertalde enpresako Iñigo Artechek.

Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso duen plan hau 2012ko Merkataritza Indartzeko Plan Berezitik (MIPB) haratago doala adierazi du Olatz Peon Ormazabalek: “merkataritzaz gain, plan honek Hiri Ekonomia osatzen duten gainontzeko agenteak (turismoa, kultura, azokak...) uztartzen ditu”.

Alkateak planaren garrantzia azpimarratu du: “eragile guztien norabidea zuzenduko duen tresna bat sortzea izan da helburua, behar bati erantzunaz. Aldaketa sakonak eman dira azken urteetan testuinguru sozioekonomikoan, baita hirugarren sektorean ere, bai eskaintzaren aldetik eta baita eskariaren ikuspuntutik ere.

Tolosako Udal Gobernuak eszenatoki berri hau aztertzeari ekin ziola gaineratu du: “azterketa horren ondorioak baloratu eta etorkizunera begirako plan hau osatu dugu, Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa. Aztertu eta gauzatu, oinarri sendoen gainean”. Herriaren garapen ekonomikoa Tolosako Udalaren lan ildo estrategikoa dela gehitu du eta Merkataritza, Turismoa eta Azokekiko apustu berezia egin dela legealdi honetan: “merkataritzak garrantzia berezia du Tolosan: 386 saltoki, Barne Produktu Gordinaren %15, 20,3 denda 1000 biztanleko (EAE-n %13 denean). Datuez gain, merkataritzak herriari egiten dion ekarpena berebizikoa da: herriaren dinamismoa, sozializazioan, segurtasunean, herria bera egituratzen du...” Turismo ikuspunturik, Euskal Herria geroz eta erakargarriagoa da, eta turismoak geroz eta garrantzia eta pisu ekonomiko handiagoa du alkatearen iritziz “herri bezala hazten jarraitzeko”: “Tolosara jendea erakarri nahi dugu, eta zentzu horretan pausuak ematen ari gara, udalerria suspertzeko apustu sendoa egiten dugu, esaterako jaiak, azoka bereziak, kultur ekintzak edo ekipamenduak”.

Larunbateko azokak zein azoka bereziek betidanik bete izan dute eta betetzen dute funtsezko papera Tolosan. EHUk duela gutxi ikerketa bat gauzatu zuen, eta alkateak nabarmendu duenez, azokak herrian “inpaktu ekonomiko oso positiboa” du. Partehartze prozesu zabala Hiri Ekonomiaren parte diren eta zeresana daukaten eragile guztien elkarlanean gauzatutako proiektua dela azpimarratu du Olatz Peon Ormazabalek. Partehartze prozesu zabala izan du planaren garapenak: 305 inkesta saltoki eta ostalarien eskutik; 10 sakoneko elkarrizketa eragileekin; 5 taldekako lan saio; eta sektoreari eta herritarrei irekitako web atala egon da zabalik, inkesta betetzeko aukera emateaz gain, informazioa jaso eta ekarpenak egiteko aukera eman duena. Nabarmendu behar da Hiri Ekonomiaren Plan Estrategiko hau Tolosatzen prozesuarekin bat datorrela eta bertan txertatuko dela. Hiri Ekonomia Plan Estrategikoaren Diagnostikoa Iñigo Artechek Tolosako Hiri Ekonomiaren diagnostikoa aurkeztu du, ondorengo puntuak nabarmenduz:

• Joera berrietara egokitu beharra dago (turismoaren gorakada, gastuaren murriztea, online).

• Tolosaren kokapena indargune bat da eta paper bikoitza jokatzen du:

  • a) Hiriburuaren zerbitzuak Tolosaldea eta inguruko bailaretako ohiko bezeroentzat. 
  • b) Landa-giroa eta benetakotasunera iristeko atea, gaur egun Donostiak erakartzen dituen turistentzat.

• Eskariari dagokionean balantze positiboa egiten da eta eskaintzari dagokionean oso parke zabala dagoela nabarmentzen da, Tolosak dituen elementu bereizgarriak azpimarratuz: larunbateko azoka, kalitate eta izen handiko denda eta jatetxeak, kultura aisia ekipamenduak, azoka bereziak...

• Herria suspertu eta jendea erakartzeko antolatzen diren ekintza dinamikak mantendu eta sakondu beharra dago; herriko mugimendu soziokultural oso aberatsa delako.

Ondoren, Iñigo Artechek Plan Estrategikoa garatzeko jarraitu behar diren 8 ardatzak azaldu ditu, ondorenean Nerea Letamendiak 2017 urtean martxan jarriko diren ekintza zehatzak nola gauzatuko diren azalduz.

1. ardatza.- Tokiko bezeroak

• Tokiko bezeroak fidelizatzeko Datu base bilketa eta kudeaketa, Tolosa&Corekin batera.

2. ardatza.- Hiriaren kanpoko proiekzioa indartu

• T Marka berria.

• Bidaia kuadernoa.

• Web orriaren eraberritzea, turismo atal propioarekin, eta Tolosaren ikus-entzunezko berria.

• Donostiarekin elkarlan zuzena edukitzeko lehen pausoak eman dira.

3. ardatza.- Tolosa erakargarria izatea

• Larunbateko Azoka eta azoka bereziak sustatzea.

• Larunbat arratsaldean merkataritzak irekitzeko helburuaren garapena.

• Agenda kudeaketa kolaboratzailea.

4. ardatza.- Bisitarien harrera gaitasuna hobetu

• Euskal Herria Plazako alojamendu berria.

5.ardatza.- Hiri espazio lagunkoiak sortu

• Nafarroa Etorbideko eraberritze lanak merkataritzaren mesedetan.

6.ardatza.- Enpresen lehiakortasuna indartu

• Singular Dendak programa.

• BERRIZ Tolosa.

7.ardatza.- Jarrera elkarkorra sendotu

• Eragile guztiak koordinatu eta elkarren arteko sinergiak sortzeko Hiri Ekonomia Mahaia sortu eta koordinatu.

• Guzti hau gauzatu ahal izateko Merkataritza, Feriak eta Turismo sektoreetan lan egin eta zeresana daukaten eragile eta administrazioekin lankidetzan jarraitzea.

 

*Hiri Ekonomia Plan Estrategikoaren laburpena atxikita