Elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen arloko euskal enpresak % 18,5 jaitsi dira 5 urtetan (613M€)

Publicado el por N.B. / GAIA (autor)

 (photo: )

2014n joera aldatuko dela aurreikusten da, eta espero dute fakturazioa % 5 igoko dela ekitaldi honetan 

  • Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazio Klusterrean (GAIA-Kluster TEIC) dauden 265 enpresek 2.702 milioi euroko fakturazioa lortu zuten 2013n (% 1,46 jaitsi ziren aurreko ekitaldiaren aldean).Iaz, enplegua ia maila berean mantendu zen, 10.797 langilerekin Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
  • Zenbaki horiek aurreko ekitaldikoak baino pixka bat baxuagoak dira, eta horren arrazoiak krisia, sektorerako funtsezkoak diren jardueretako batzuk nazioartekotzeko zailtasunak eta enpresak finantzatzeko arazoak ditugu.
  • Hala ere, Klusterrak aurreikusten du 2014n % 5 inguru igoko dela haren enpresen fakturazioa. Izan ere, inbertsioak birplanteatzen eta dinamizatzen hasi dira, espezializazio adimenduna sustatzeko estrategia berria martxan jarri dute, eta elkarlanerako kultura zabaldu, sektoreko enpresetan agertzen eta ezartzen hasia dena.
  • Datuak eta horien gaineko balorazioa gaur goizeko pentsaurrekoan jakinarazi dira, bihar (ekainak 11) Klusterraren Batzar Orokorra egingo baita Bilbon.

GAIA-TEIC klusterraren 265 erakundeek 2.702,05 € fakturatu zituzten iaz, aurreko urtean baino % 1,46 gutxiago. 2013n, elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen makrosektoreko euskal enpresek 10.797 langileri enplegu eman zieten EAEn, eta haien nazioarteko negozioek 1.076,80 M€ lortu zituzten, aurreko urtean baino pixka bat gehiago. 2013n 107,40 M€ inbertitu zituzten berrikuntzan, ikerketan eta garapenean (I+G+b).

Aurreko ekitaldian izandako jaitsierarekin, azken bost urteotan sektoreak % 18,5 egin du behera, eta fakturazioa 613 M€ murriztu da, 2008. urtearen aldean. Horrez gain, azken urteotan, enplegua % 10,5 jaitsi da (1.256 lanpostu gutxiago).

Zenbaki horiek guztiak gaur goizean ezagutarazi dituzte, Bilbon izandako prentsaurrekoan, eta Manuel Salaverria GAIA-TEIC klusterreko lehendakaria, Igor Arrizabalaga Zuzendaritza Batzordeko lehendakariordea eta Tomas Iriondo zuzendari nagusia izan dira bertan. Klusterrak Urteko Batzar Orokorra egingo du bihar, Bilboko La Alhondiga Entzunaretoan.  

Manuel Salaverria Klusterraren lehendakariak azaldu duenez, azpisektoreka aztertuta, elektronika-enpresa txikiek izan dute beherakadarik handiena fakturazioan (% 8). Informatika-enpresa handiak ere jaitsi egin dira (% 3,5 inguru); baina elektronika-enpresa handien azpisektorean, aldiz, fakturazioa % 0,3 igo da. Azkenik, informatika-enpresa txikiak % 1 hazi dira.  

Nazioarteko merkatuei dagokionez, % 2-3 inguruko hazkundea eduki dute, batik bat elektronika-enpresa handietan eta zertxobait informatika-enpresa handietan ere. Nazioarteko merkatuen fakturazioak 2013ko negozio-zifraren % 40 osatzen du.

Enplegua ia bere horretan mantendu da, 2012an 10.807 langile izatetik 2013n 10.707 izatera pasatu baitira. Nazioarteko negozioen zenbakiak ere berdintsu mantendu dira (2012an 1.053 M€-ko negozio-bolumena izan zuten, eta 1.076 M€-koa iaz), eta I+G inbertsioa jaitsi da, 2012an 120 M€ inbertitu baitziren eta iazko ekitaldian, aldiz, 107,40 M€.

Datuak interpretatzean, Salaverriak azpimarratu du 2013an sektorea pixka bat jaitsi zela “krisiaren ondorioz eta gure enpresentzat zaila izan delako zenbait jarduera garrantzitsu nazioartekotzea, hala nola informazio-sistemak eta lotutako zerbitzuak”. Halaber, GAIAko lehendakariak adierazi du enpresak eta haien jarduera finantzatzeko arazoak daudela oraindik ere. Haren hitzetan, nabarmentzekoa da behera egin izana nazioarteko negozioetan pixka bat igo arren (% 2,3), eta adierazi du “horrek agerian uzten duela merkatu nazionalak ere behera egin duela, baina espero dela KPI igotzean egoera aldatu egingo dela”.

Merkatuak inbertsio estrategikoen arloan izandako joerari dagokionez, Manuel Salaverriak gogorarazi du  “erosketa publikoa doitzeko arazoak daudela oraindik eta hori gure sektorearentzako motorra izan dela beti, eta sistemen eta teknologien erosketa pribatuak pixkanaka doituz doazela. Hau da, gure inguruan atzeraldia eta soiltasun-politikak mantendu dira 2013an, enpresa pribatuetan zein publikoetan, eta horien ondorioz sortutako zailtasunak dira sektorearen atzeraldiaren arrazoi nagusiak".

Joera aldatuko da 2014n

Hala ere, GAIA-TEIC klusterreko lehendakariak azpimarratu 2014n “joera aldatuko dela eta aurreikuspenek diotela gure enpresen fakturazioa % 5 igoko dela; baina aldeak egongo direla azpisektoreen artean, eta hazkuntza % 2,6 eta % 6 artean egongo dela”. Esan duenez, “optimistak gara, ikusten ari garelako joera-aldaketa egi bihurtzen ari dela”.

Ildo horretatik, Salaverriak adierazi du industria, energia, osasuna, smart cities eta beste sektore batzuetako jarduera jakinetan, “azpiegitura estrategikoak sortzeko inbertsioak dinamizatzen eta planteatzen hasi direla”. Azaldu du “TEIC eskaintzak hazi direla eta soluzioen baldintzei eta eskuragarritasunari buruzko kontsultek gora egin dutela”.

Hala, enpresetako giroa hobetzen ari da, uste baitute krisia amaitzen ari dela, eta 2014n goranzko ziklo batean sar gintezkeela. Horri esker, inbertsioak bestelako itxaropen batzuekin planteatzen dira.  “Indarberritzeko eta hazteko bide honetan, garrantzitsua da merkatuak pixka bat hobetu izana, baina baita merkatu globalean lehiatzeko lankidetza-modu berriak eraikitzen aritzea ere”, esan du Klusterreko lehendakariak.

Ildo horretatik, Tomás Iriondo GAIA-TEIC klusterreko zuzendari nagusiak azpimarratu du RIS3 “Espezializazio Adimendunerako Estrategia", Eusko Jaurlaritzak babestutakoa, “gure sektorearentzako pizgarri izugarria dela zalantzarik gabe, eta teknologia adimendunak ahalbidetzeaz gain, ekoizpen aurreratuan, energia-kudeaketarako sistemetan eta hiri adimendunen garapenean garrantzi handia daukala”. 

Iriondok azpimarratu du garrantzitsua dela enpresa-kultura aldatzea.“Lankidetza biziki agertzen ari da diskurtso guztietan, eta GAIAn, bide horretan lanean gabiltza duela asko, uste osoa dugulako egungo egoerari aurre egiteko, dimentsio handiko proiektuei heltzeko eta gure tamainarengatik egun lehiatu ezin garen guneetan ‘jokatzeko’ modua dela”, adierazi du.