UFG, GUIFARCO eta Gipuzkoako Farmazi Banatzailea (DFG) uztartzeko prozesua amaitu da

Publicado el por N.B // REDACCIÓN (autor)

 (photo: Javi Colmenero)

Hiru sozietateak DFGn bateratu dira, eta, hala, Euskadiko farmazia-banaketako lehen enpresa bilakatu da saldutako sendagai-aleetan eta merkatu-kuotan (% 33 EAEn eta % 87 Gipuzkoan). 

  • Hiru konpainiak DFGn sartuta fusionatu dira, UFG eta Guifarco sozietateen ezohiko batzarretan aldeko % 99 botorekin.
  • Integrazio-prozesua 2007an hasi zen, eta 2012az geroztik, DFGk sozietate gisa bere gain hartu zuen bi farmazia-biltegien kudeaketa operatiboa.Administrazio Kontseiluak azpimarratu du fusioak ahalbidetzen duela Gipuzkoak eta bertako farmazialariek farmazia-banaketarako enpresa "indartsuagoa eta egonkortuagoa izan dezatela, bi biltegi logistikorekin eta funtzionamendu egituratuagoarekin, sendagaien hornikuntza bermatzeko”.
  • 2013an, DFGk guztira 165 milioi euro fakturatu zituen, eta 180 pertsonari lana ematen die; 200 langile baino gehiago egongo lirateke hortaz, zeharkako lanpostuak zenbatuta.Iazko ekitaldian 19 milioi sendagai-ontzi baino gehiago banatu zituen, Gipuzkoako bi biltegi logistikoen bidez.

Aldeko % 99 botorekin, Unión Farmacéutica Guipuzcoana (UFG) eta GUIFARCO sozietateek onartu egin dute bi sozietateak eta Gipuzkoako Farmazi Banatzailea (DFG) fusionatzea, azken horretan sartuta.Fusioa onartuta, juridikoki amaitu egin da UFG eta GUIFARCO, Gipuzkoan jatorria eta kapitala duten farmazia-banaketako bi biltegi historikoak, sozietate bakarrean integratzeko zikloa:  DFG, 2012ko urritik Gipuzkoako farmazia-banaketaren funtzionamendua kudeatzen zuena dagoeneko.

Horrela, DFG Euskal Autonomia Erkidegoko lehen farmazia-banaketako enpresa bilakatu da. % 33ko merkatu- eta banaketa-kuota dauka, % 87ra iristen dena Gipuzkoako merkatuaren kasuan, eta farmazia-banaketaren munduan, Espainiako probintzietan dagoen zenbakirik altuena da hori. Konpainiak Donostiako (Igara) eta Oiartzungo (Lanbarren) bi zentro logistikoak mantentzen ditu, eta horiek gauzatzen dute ekoizpenaren % 70 eta % 30, hurrenez hurren.

DFGko lehendakariak, Francisco de Asís Echevestek, fusioak ekarritako hainbat alderdi positibo nabarmendu ditu.“Lortu dugu Gipuzkoak banaketa-biltegi egonkorra eta indartsua izan dezala, eta horrek aukera ematen digu logistikan eta funtzionamenduan aurrezteko eta farmaziei egunerokoan ematen diegun zerbitzuaren kalitatea mantentzeko” azaldu du. Gainera, gaur egungo 357 farmazia-bazkideak DFGren akzionista zuzen bihurtu dira, eta horrek parte-hartze handiagoa emango die farmazia-banaketako enpresarekin lotutako erabakiak hartzean.“Azken finean –adierazi du–, integrazio hau ixteak aukera ematen digu lanbide osoa farmazialarien eta herritarren zerbitzura dagoen probintzia-banaketa bakar eta bideragarri baten inguruan biltzeko, eta, horrela, sendagaiak eskuragarri egongo dira 24 ordutan, urteko 365 egunetan”.

Joaneko ekitaldian, DFGk 165 milioi euroko fakturazioa eta 1,3 milioi euroko irabaziak lortu zituen, eta 2014an datuak mantentzea espero du.

Beste datu batzuk

Gaur egun, Gipuzkoako Farmazi Banatzaileak 180 pertsonari lana ematen die; 200 langile baino gehiago egongo lirateke hortaz, zeharkako lanpostuak zenbatuta.Konpainiak 19 milioi sendagai-ontzi baino gehiago saldu eta hornitu zituen. Horretarako, zerbitzuak egunero 45 ibilbide egiten ditu, eta farmaziei batez beste bi eta lau zerbitzu artean ematen dizkie. DFGk 13 milioi euroko stocka dauka.

25.000 erreferentzia dituen katalogoa eta bi biltegi adimendun robotizatu ditu Oiartzunen eta Donostian. Biltegiak urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan irekita daude, 45 ibilbide egiten dituzte egunero, eta 28 furgoneta dituzte.

Bereziki azpimarragarria da Bizkaian izandako hazkundea (merkatu-kuotaren % 6 lortu du), eta sendagai generikoen hornikuntzak eta salmentak izandako igoera, 2012ko salmentak % 48 gainditu zituelarik. “Nahiz eta, orokorrean, sendagaien salmentak behera egin duen farmazietan, hazten ari gara, Gipuzkoako farmaziek leial eta erosten jarraitzen dutelako eta Bizkaiko merkatuan presentzia handiagoa dugulako”, azaldu du Juan Pierak, DFGko zuzendari nagusiak.

Haren iritziz, banaketa gipuzkoarra DFGn integratu izanak farmaziei emandako zerbitzua nabarmen hobetu du, “eta banaketaren munduan enpresa serio eta eraginkortzat aitortu gaituzte.Laborategien artean, puntako enpresatzat hartzen gaituzte, eta, gainera, herri-administrazioen ordezkari gara, farmazia-banaketarekin lotutako gaietan.Izan ere, 2012tik batera funtzionatzen hasi ginenetik, balantzea oso positiboa izan da, eta hasieran ezarritako itxaropenak gainditu ditugu, farmaziek gure zerbitzua babestu eta harekin konfiantza izan dutelako”, adierazi du.

Francisco de Asís Echevestek zuzentzen du DFGren Administrazio Kontseilua, Miguel Ángel Gastelurrutia lehendakariorde eta Carmen Elizondo idazkari dituela.

Azken hilabeteotan, konpainiak zonaka informazio-bilerak eduki ditu Gipuzkoako udalerrietako farmaziekin. Bertaratzea handia izan da, eta fusio-prozesu osoa azaldu dute.Enpresaren arduradunen hitzetan, prozesua beharrezkoa izan da, Gipuzkoan farmazia-banaketa sendoa eta indartsua izateko.